Berriak
7-3-2009
Editoriala: Jokoa bera hobetzea da hurrena
Azken 1-2 urtetan gogor aritu gara gunearen fidagarritasuna eta gunea bera hobetzet, arrakasta handiz gainera. Hattrick azkarra eta fidagarria da gaur egun, eta azken inkestak esan digunez zuetako gehienek gustoko duzue diseinu berria.
Gunearen funtzionamenduaz gustora, iritsi da ordua gure begirada aldatzea eta gehien gustatzen zaigunarekin berriro lanean hastea: jokoa, eta batez ere bere mamia: taldearen kudeaketa eta partidu simulatzailea. Lehenik, hala ere, udaberriko akats garbiketarekin jarraitzeko eta sistematik akats zaharrak kentzeko erabiliko dugu uda.
Azken urteko gure lana gunearen kalitatea hobetzea izan da. Gezurra esango nuke nire bizitzako unerik interesgarrienak izan direla esango banu. Hau da, batez ere joko garatzaileak gara eta gure interesik handiena jokoan lan egitea da, ez web gunean. Hala ere, ezin dezakegu uka guzti hau beharrezkoa zela. Hattricken jokatzen dudanetik (duela 11 urte hasi nintzen) oso ohikoak izan dira zerbitzarien akatsak, atzerapenak eta mota guztietako akats teknikoak. Bazen garaia guzti hori behin betiko konpontzako. Urte guzti hauen ondoren denok (eta zuek bereziki) merezi dugu gune bizkor eta fidagarri bat izatea, eta guretzat HT taldean honek gainera esan nahi du jokoa garatzeari ekin diezaiokegula gunearen egoeraz arduratu gabe. Ez dut uste ideiarik duzuenik nolako lasaitasuna den hori; baina benetan, ikaragarria da.
Gustoko diseinu berria
Diseinu berria gunearen hobekuntzaren proiektuaren amaiera zen, eta egia esan ona da itxura ona izatea. Gure azken inkestaren arabera gehiengo handi bat gustora dago diseinu berriaz. 523 000 (!) lagunek erantzun zuten inkesta, eta %80ak diseinuaz gustora edo oso gustora daudela adierazi zuten. %6ak bakarrik esan zuen gustora ez daudela. Gustokoenak estilo grafikoa eta guneko irudiak izan dira, eta Supporterrek beraien funtzio berriak ere goraipatu zituzten (gauzarik gustokoena Supporterren artean). %8ak arazo teknikoak dituztela esan zuten, 2006an baino emaitza askoz hobea (%18 orduan), baina zalantzarik gabe ez nahikoa ona.
Zerrenda beltza garbitzea da lehena…
Gunea gaur egun azkarra eta fidagarria bada ere, "arazo tekniko" batzuk ere badaude oraindik sistemak: "akatsak" edo "bug" moduan ere ezagutuak. Udaberrian gure lan garrantzitsuenetariko bat akats hauen zerrenda garbitzea izan da, harrobia eta lorpenak honen adibide. Udan zehar lan honetan jarraituko dugu, eta akats zahar horiek behin betiko garbitzea espero dugu.
Stage guneari esker (5000 Hattrick erabiltzaile dituen froga gunea) funtzio berriak akats gutxiagorekin argitaratzen ditugu, eta Stage eta gure prozedurak hobetu ditzakegula uste dugu bere eraginkortasuna handitzeko. Argitara ateratzen diren akatsek, gainera, gure egunerokoan lehentasun handiagoa izango dute hemendik aurrera. Gauza ederra izango litzateke batere akatsik edo bestelako arazorik ez izatea, baina errealistak izan behar gara: zuzeneko ingurune batean lanean ari gara, eta benetan ikaragarri handia den datubase bat dugu martxan; ezinekoa da arazorik ez izatea. Dena den, gutxieneko mailetan mantentzen saiatu behar gara, eta akatsak agertzen direnean ahalik eta azkarren konpontzen. Ondorioz, aurrerantzean "arazo teknikoak" gutxiago jasatea espero dugu.
…eta ondoren jokoan bertan kontzentratzea
Hasieran esan bezala gure interesik handiena jokoa garatzea da, eta horri ekingo diogu berriro ere. Oso interesatuak gaude gure sustraietara jo eta jokoaren funtsa hobetzeaz; partidu simulazioa eta talde kudeaketa batez ere, eta arlo hauetan zuek duzuen joko esperientzia ere bai. Inkestako datuen arabera, gainera, argi dago zuetako gehienek ere arlo hauek hobetzea nahi duzuela; gustoko dut adostasuna izatea!
%24ak, adibidez, joko simulazioan kontzentratzea nahi du, eta honen ondoren talde kudeaketak jaso zituen boto gehien (hurrenak arlo hauekin zerikusia duten batzuk izan ziren: partiduetako kronikak, salerosketa merkatua eta taktikak). Boto gutxien komunitateak (%1) eta gunearen garapenak (%3) izan zituzten, nahiko emaitza logikoak azkenaldian arlo horietan lan egin dugula kontuan harturik.
Inkestaren bestelako emaitza batzuk honakoak dira: ia denek (%97ak) hemendik urtebetera Hattrickera jokatzen egotea oso posible dela diote (eta gehienek lagunen bati ere gomendatuko lieke), ordezkapenek jokoa hobetu dute (%6ak bakarrik dio kontrakoa), eta zuen estrategia zein den ere ikasi dugu: erabiltzaileek ahalegin gehiago jartzen dute etorkizunerako talde sendo bat osatzen aurten edo datorren urtean mailaz igotzen baino (nahiz eta gehiengo zabalak horretarako ere borroka egiten duten aitortu). Gehienek jokoaren erritmoa zuzena dela diote, baina joera bat izatekotan geldoegia dela diote. Batzutan foroa irakurtzean jendeak kontrakoa dioela dirudi hala ere (nahiz eta beste arrazoi batzurengatik izan litekeen).
Milesker gure inkestan parte hartu duzuen guztioi, oso baliagarria zaigu arlo haueta zuen iritzia jasotzea (foroetan eta beste hainbat tokitan jasotzen dugunaz gain). Orain egin beharko genukeena erabakitzeko garaian ez ezik, emaitzak oso baliagarriak dira aurreko edo etorkizuneko inkestetako emaitzekin alderatzean. Aurrerantzean ere inkesta hauekin jarraituko dugu bide onean goazela ziurtatzeko.
Zergatik ikutu jokoaren funtsa?
Galdera bera nahiko xelebrea da, arraroa izango bailitzateke jokoaren mamia sekula ez aldatzea. Baina Hattrickeko atal batzuk sakratuak direla (edo gutxienez Unescoren munduko ondareen zerrendan jarri beharko zirela) eta sekula ikutu beharko ez litzatekeela uste duen jendea egongo denez, joko esperientzia bere osotasunean hobetu nahi badugu gauzen mamiari ere begiratu beharra diegula esan nahi nuke. Aurkezpena garrantzitsua da, baina jokoa bera da gauzarik esanguratsuena jokoaren esperientziari dagokionean, eta ezin dugu hori ezkutatu. Adibidez, erabiltzaileek ausazko gertaerek edo aleatorietateak garrantzi handiegia duela uste izatea arazo bat dela uste dugu. Eta nahiz eta hori zorteagatik beragatik bakarrik ez izan (partiduetan ematen diren datuak ere garrantzitsuak dira) ezin dugu arazo hori %100ean konpondu jokoaren bihotza ikutu gabe. Bestalde, aurrez joko motorrak zer egingo duen susmatzea erreza den kasuak ere badaude, partidua ikustean emozioa kentzen duelarik.
Egia esan ez dago honegatik zertan arduratu. Jokoa ez da egun batetik bestera zeharo aldatuko eta gure urrezko araua beti "xinple mantendu" izan da, eta hala mantenduko du. Benetan uste dugu aldaketa txikiez eragin handi eta gustoko bat lortu dezakegula.
Mamia gehienbat, baina ez mamia bakarrik
Gure lanik gehiena jokoaren bihotzean jarriko badugu ere, honek ez du esan nahi gunea, komunitatea eta bestelakoak ahaztuko ditugunik. Beraz ez harritu adibidez funtzio berriren bat gehitzen badiogu guneari, hori ere gertatuko baita nahiz eta gure begirada nagusia beste arlo batetan egon. Gure zerbitzarien sistema ere zainduko dugu egungo egoera azkar eta fidagarria bere horretan mantentzen dela ziurtatzeko.
Nora goazen
Ez gara xehetasunetan sartuko eta ez dugu esango zer gertatu behar den edo ze atal aldatu behar ditugun (eta mesedez ez galdetu foroetan, ez dugu daturik emango). Baina Hattrick nora eraman nahi dugun ibilbidea ikusten dugula esan nahi dizuegu, eta zuen taldearen manager moduan nola eragin zintzaketeen jakin dezazuten ere nahi dugu. Datorren astean horri buruzko editorial bat argitaratuko dugu. Bere editorial propioa izatea hobe da, etorkizunean berriro irakurtzea interesgarria izan daitekeen gauza horietakoa baita, eta bestalde ez dut honako hau hain informazio garrantzitsuaz pilatu nahi. ;)